Nightmare Nostrum
Erlojua goizaldeko seiak ematear zegoen. Egunero bezala altxatu beharra neukan. Galtzak bete lan nenbilen egun haietan, hori dela eta gau osoa begiak bildu ezinik eman nuen.
Altxatu, dutxa hartu, jantzi eta kafea hartu ondoren etxetik irten nintzen lanera joateko asmoz. Arraroa iruditu zitzaidan beharginak eskaileretan ikustea, nik baino askoz ere goizago lanari ekin baitzioten.
Igogailua aldatzen ari ziren eta lana amaitzeko bi hilabeteko epea zeukatenez, zenbat eta goizago lanak hasi orduan eta lehenago bukatuko zutela pentsatu nuen.
Eskaileretatik jaitsi behar izan nuen egunero bezala, hala ere, egunero ez bezala, bosgarren pisura heltzerakoan hesi batekin egin nuen topo. Hesiaz bestalde ez zegoen ezer, eskailerak desagertu egin ziren eta.
Zer egin jakin barik geratu nintzen. Bat-batean horma zulatuta zegoela konturatu nintzen eta horman barrena zihoan pasabidea ikusi ahal izan nuen. Lau ohol baino ez zituen pasabideak inolako babeslekurik gabe. Etxeko fatxadatik ibili behar izan nuen. Beherantz begiratzean hankak dardarka hasi ziren eta zangoekin batera pasabidearen oholek mugitzeari ekin zioten.
Oreka galdu nuen lurrera eroriz, oholei heltzen saiatu nintzen baina alferrik, erortzen nintzen bitartean auzokideak bere eginbeharretan ikus nezakeen, erorketa motela nahiz saihestezina zen. Zorua jotzeko zorian nengoenean ordulariak seiak jo zuen.
0 comentarios